IÑAKI MATA

Euskal aktore, egile eta titiriteroa. Antzuolan (Gipuzkoan) jaio zen 1964ko urriaren 27an. Antzerki-arloan hasi zen lanean 1987. urtean, TAUN TAUN txotxongilo-taldearen sorreran eta zuzendaritzan parte hartuz.

1998. urtetik aurrera KILIMILIKLIK txotxongilo-taldearen ardura hartu zuen eta 2000. urtera arte, Zugarramurdiko (Nafarroa) txotxongilo-aretoaz, kobetako AKELARRE ikuskizunaren zuzendaritzaz eta Nafarroako herri horretan dagoen Sorginen museoaz arduratu zen, taldearen eskutik.

Euskal Herriko beste antzerki-talde batzuekin elkarlanean ere aritu izan da, zuzendari eta zuzendari-laguntzaile lanetan eta baita txotxongilogintzan eta aktore-lanetan ere. Horrez gain, hitzaldiak, formazio-ikastaroak eta txotxongiloak maneiatzeko ikastaroak eskaini izan ditu Euskal Herrian, Espainian, Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan.

2007. urtean talde independentea sortu zuen eta, bere izena erabiliz, ikerketa-proiektu propioak egiten hasi zen. Hemendik sortu zen BARRERAS, 20 herrialde baino gehiagotan eskaini duen lana, konpromisoa eta esku-hartze hiritarra biltzen dituena

Gaur egun, bere herritik jarraitzen du lanean, sormen-espresioaren modu berriak ikertzen ditu, TAUN TAUNen produkzio berrietan parte hartzen du eta prestakuntza-ikastaroak eskaintzen ditu.

BARRERAS

Kale-ikuskizuna da, gurpil-aulki bat abiapuntutzat hartzen duena. Objektuak, txotxongiloak eta clownak bat egiten dute lan honetan, gure errealitatea geuregana hurbiltzeko.

Aulkia metafora bat baino ez da, aitzakia bat, begiratu eta nork bere burua aurkitzeko balio diguna. Keinua, soinua edo hitz soila erabilita, normalean, debekatuta, ezkutatuta edo urrun dagoena hurbilagokoa eta gogoetarako gai bihurtzen zaigu.

Bisitatutako tokiak: Euskal Herria, Katalunia, Galizia, Valentzia, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Asturias, Portugal, Frantzia, Italia, Belgika, Holanda, Hungaria, El Salvador, Costa Rica, Mexiko, Venezuela, Peru, Txile, Argentina, Brasil, Paraguai, Uruguai, Estonia

(Ikusi 1. bideoa)(Ikusi 2. bideoa) (Ikusi 3. bideoa dokumentala 15 min)

H,O2TOPOZ

Egindako Barreras ikuskizunean oinarrituta sortu zuen H,O2TOPOZ. Rosarion (Argentina) egindako emanaldietako batean, harekin egon ziren eszenatokian 100 bat gurpil-aulki. "Hizkuntza mota bat zela konturatu nintzen. Nahi duzuna kontatzeko balio duena. Gurpil-aulkia objektu polita dela uste dut. Ikusle bakoitzak interpretazio ezberdinak egingo ditu. Begi guztiek ez dute berdin begiratzen",(argazki galeria)(BIDEOA IKUSTEKO KLIKATU HEMEN)

¡WELCOME!

WELCOME! poesia ikusgarria eskaintzen digun obra ibiltaria da.
Edozein barne migrazio prozesuri ongietorria emateko modua.
“Beharrak” eragindako hegaldi transhumantea, enpatiaz, konexioz eta gogoetaz jantzia.
Bizitza zeharkatzeko motxila nomada bat, “litekeenera” bidaiatzera gonbidatzen gaituena.
Giza itxura duen panpina errealista, panpina itxura duen gizarte batean.(BIDEOA)  

(DOSSIERRA)

TXOTXONGILO-IKASTAROA

"TXOTXONGILO-IKASTAROA" proposamen irekia da, txotxongiloak adierazpen-eragile moduan erabili nahi dituzten pertsona eta entitate guztiei eskaintzen zaiena:

“Txotxogilo bat egiteak sormena lantzea dakar, txotxongiloa maneiatzeak irudimena garatzea dakar. Baina gauza guztien artean garrantzitsuena da gune jakin batzuk sortzen direla eta gune horietan txotxongiloa maneiatzen duen pertsona eragile sentitzen dela” (ikusi bideoa)

TAILERRA

TAILERRAren bidez antzerki-taldeen edota norbanakoen eta entitateen eskaerei erantzun nahi zaie.

Tailerrean panpinak, eszenografiak eta atrezzoak eraikitzen dira

Egurra, aluminioa, burdina, latexa, aparra, kartoia eta beira-zuntza dira erabiltzen diren materialak.

Orain arte egindako lanak: (argazkietan)